LibreOffice Math aplikazioko eginbideak

Atal honetan LibreOffice Matheko funtzio eta gaitasun garrantzitsu batzuen ikuspegi orokorra topatuko duzu.

LibreOffice Math aplikazioak formulak sortzen laguntzeko hainbat eragile, funtzio eta formateatzeko laguntza ematen ditu. Horiek guztiak hautapen-leiho batean zerrendatzen dira, eta zuk behar duzun elementuan saguarekin klik egin besterik ez duzu, objektua zure lanean txertatzeko. Laguntzan erreferentzia-zerrenda zehatza eta hainbat adibide daude.

Formula sortzea

Diagramak eta irudiak bezala, formulak objektu gisa sortzen dira dokumentuaren barnean. Dokumentu batean formula bat txertatutakoan, LibreOffice Math automatikoki abiarazten da. Formula sortu, editatu eta formateatu ahal izango duzu aurrez definitutako hainbat ikur eta funtzio erabiliz.

Formula zuzenean idaztea

LibreOffice Mathen lengoaia ezagutzen baduzu, formulak zuzenean idatz ditzakezu dokumentuan. Adibidez, idatzi formula hau testu-dokumentu batean: "a sup 2 + b sup 2 = c sup 2". Hautatu testu hori eta aukeratu Txertatu - Objektua - Formula. Testua formatudun formula bihurtuko da.

note

Formulak ezin dira kalkulatu LibreOffice Mathen, formula-editorea baita (formulak idazteko eta erakusteko), eta ez kalkulu-programa. Erabili kalkulu-orriak formulak kalkulatzeko, edo kalkulu errazetarako erabili testu-dokumentuaren kalkulu-funtzioa.


Formula Komandoak leihoan sortzea

Erabili LibreOffice Mathen 'Komandoak' leihoa formulak sartu eta editatzeko. Leiho horretan sarrerak idaztean, emaitza dokumentuan ikusiko duzu. Formula luze eta konplexuak sortzean ikuspegi orokorra edukitzeko, erabili 'Tresnak' barrako formula-kurtsorea. Funtzio hori aktibatuta dagoenean, kurtsoreak 'Komandoak' leihoan duen kokalekua testu-leihoan ere erakusten da.

Ikur indibidualak

Zeure ikurrak sortu eta karaktereak beste letra-tipo batzuetatik inporta ditzakezu. LibreOffice Matheko ikurren oinarrizko katalogoan ikur berriak gehitu edo zeure katalogo bereziak sor ditzakezu. Hainbat karaktere berezi ere erabilgarri daude.

Formulak testuinguruetan

Formulekin errazago lan egiteko, erabil itzazu saguaren eskuineko klikarekin dei daitezkeen testuinguru-menuak. 'Komandoak' leihoan oso erabilgarria da aukera hori. Testuinguru-menuak 'Elementuak' panelean dauden komando guztiak ditu, bai eta eragileak eta beste hainbat ere, zure formulan zuzenean saguaren bidez txertatu ahal izateko moduan, haiek 'Komandoak' leihoan idatzi behar izan gabe.

Emaguzu laguntza!