LibreOffice 24.8 laguntza
Hiperestekak sartzean, bi faktore hartu behar dira kontuan: gordetzean erlatibo edo absolutu gisa ezarrita dauden, eta fitxategia badagoen edo ez.
Aukeratu Kargatu/Gorde - Orokorra eta zehaztu, Gorde URL erlatiboak eremuan, LibreOffice aplikazioak hiperesteka erlatiboak ala absolutuak sortuko dituen. Esteka erlatiboak posible izateko, lantzen ari zaren dokumentuak eta helburuko estekak gailu berean egon behar dute.
-Zure Internet hornitzaileak eskaini dizun web-espazioan dagoen direktorio-egitura bera birsortu behar duzu zuren disko gogorrean. Zure disko gogorreko erro-direktorioari dei iezaiozu "orrinagusia", adibidez. Abiapuntuko fitxategia "indizea.html" izango da, eta bere bide-izen osoa, "C:\orrinagusia\indizea.html" (Windows erabiltzen baduzu). Zure Internet hornitzailearen zerbitzariaren URLa, hortaz, honelakoa izan daiteke: "http://www.nirehornitzailea/nireorria/indizea.html". Helbide erlatiboak erabilita, irteerako dokumentuarekiko esteka erlatiboa erabil dezakezu. Esaterako, zure orri nagusiaren grafiko guztiak "C:\orrinagusia\irudiak" azpikarpeta batean kokatzen badituzu, honako bide-izena eman beharko buzu "irudia.gif" irudia atzitzeko: "irudiak\irudia.gif". Hori bide-izen erlatiboa da, "indizea.html" fitxategiaren kokalekua den karpetatik hasita. Hornitzailaren zerbitzarian, irudia "nireorria/irudiak" karpetan sartuko dituzu. Horrela, "indizea.html" dokumentua hornitzailearen zerbitzarira igotzen duzunean Fitxategia - Gorde honela elkarrizketa-koadroa erabilita, eta Kopiatu irudi lokalak internetera aukera markatu baduzu - Gorde-kargatu - HTML bateragarritasuna atalean, LibreOffice aplikazioak automatikoki kopiatuko du grafikoa zerbitzariaren direktorio zuzenean.
"C:\orrinagusia\grafikoak\irudia.gif" gisako bide-izen absolutuak ez luke funtzionatuko hornitzailearen zerbitzarian. Ez zerbitzariak ez irakurlearen ordenagailuak ez du eduki behar C unitatea: Unix edo macOS sistema eragileek ez dituzte unitate-letrak ezagutzen, eta "orrinagusia\grafikoak" karpeta egon arren, irudia ez litzateke egongo erabilgarri. Fitxategi-estekentzat helbide erlatiboak erabiltzea egokiagoa da.
Web-orrien estekak, esaterako "www.librezale.eus" edo "www.nirehornitzailea.eus/nireorria/aurkibidea.html", esteka absolutuak dira.
LibreOffice aplikazioaren portaera ere aldatu egiten da, estekak erreferentzia egiten dion fitxategia badagoen edo ez eta non kokatuta dagoen kontuan hartuta. LibreOffice aplikazioak esteka berri guztiak egiaztatzen ditu eta helburua eta protokoloa automatikoki ezartzen ditu. Emaitza sortutako HTML kodean ikus daiteke, iturburu-dokumentua gorde ondoren.
Honako arauak aplikatzen dira: Erreferentzia erlatiboa ("grafikoa/irudia.gif") bi fitxategiak unitate berean daudenean soilik da posible. Fitxategiak fitxategi-sistema lokaleko unitate desberdinetan badaude, erreferentzia absolutuak "file:" protokoloa izango du ("file:///data1/xyz/irudia.gif"). Fitxategiak zerbitzari desberdinetan badaude edo estekaren helburua erabilgarri ez badago, erreferentzia absolutuak "http:" protokoloa erabiliko du ("http://data2/abc/irudia.gif").
Horregatik, gogoan izan zure orri nagusiko fitxategi guztiak orri nagusi horren hasierako fitxategia dagoen unitate berean antolatu behar dituzula. Hala, LibreOffice aplikazioak protokoloa eta helburua ezar ditzake, zerbitzariko erreferentzia beti egokia izan dadin.
Sagua hiperesteka batean jartzen duzunean, laguntza-ohar batek erreferentzia absolutua bistaratzen du, LibreOffice aplikazioak bide-izen absolutuak erabiltzen baititu barne-funtzionamenduan. Fitxategiaren bide-izen eta helbide osoa, HTML esportazioaren emaitza bistaratzean bakarrik ikusiko dituzu; adibidez, HTML fitxategia "testu" gisa kargatzean edo testu-editore batekin irekitzean.