Kontsulta-diseinua

Kontsultaren diseinu-ikuspegiak datu-baseko kontsultak sortzeko eta editatzeko aukera ematen dizu.

Komando hau erabiltzeko...

Datu-baseko kontsultaren leihoan, egin klik Kontsultak ikonoan, ondoren aukeratu Editatu - Editatu


Ohar-ikonoa

Datu-base gehienek datu-baseko taulak iragazteko edo ordenatzeko erabiltzen dituzte kontsultak ordenagailuan erregistroak bistaratzeko. Ikuspegiek kontsulten funtzionalitate bera eskaintzen dute, baina zerbitzariaren aldetik. Datu-basea ikuspegiak onartzen dituen zerbitzari batean badago, ikuspegiak zerbitzariko erregistroak iragazteko erabil ditzakezu bistaratze-denbora azkartzeko.


Ohar-ikonoa

Datu-baseko dokumentu baten Taulak fitxako Sortu ikuspegia komandoa hautatzen baduzu, Ikuspegi-diseinua leihoa ikusiko da. Leiho hori hemen azaldutako Kontsulta-diseinua leihoaren antzekoa da.


'Kontsulta-diseinua' leihoaren diseinua sortutako kontsulta batekin gordetzen da, baina ezin da sortutako ikuspegi batekin gorde.

Diseinu-ikuspegia

Kontsulta bat sortzeko, egin klik datu-baseko dokumentu baten Kontsultak ikonoan, eta gero, sakatu Sortu kontsulta diseinu-ikuspegian.

Diseinu-ikuspegiaren beheko panelean kontsulta definitzen da. Kontsulta definitzeko, zehaztu datu-basetik erabiliko diren eremu-izenak, bai eta eremuak bistaratzeko irizpidea ere. Diseinu-ikuspegiko beheko panelean zutabeak berrantolatzeko, arrastatu zutabeen goiburukoak kokaleku berri batera, eta hautatu zutabea eta sakatu +gezi-tekla.

Diseinu-ikuspegia leihoaren goialdean, Kontsulta-diseinua barrako eta Diseinua barrako ikonoak bistaratzen dira.

Kontsulta bat probatu nahi baduzu, egin klik bikoitza datu-baseko dokumentuko kontsulta-izenean. Kontsultaren emaitza datu-iturburuaren ikuspegiaren antzeko taulan bistaratzen da. Oharra: bistaratutako taula behin-behinekoa da.

Kontsultaren diseinu-ikuspegiko teklak

Tekla

Funtzioa

F4

Aurrebista

F5

Exekutatu kontsulta

F7

Gehitu taula edo kontsulta


Arakatu

Kontsulta-diseinua lehen aldiz irekitzen denean, elkarrizketa-koadro bat agertzen da, kontsulta berriaren oinarria izango den taula edo kontsulta hautatzeko.

Egin klik bikoitza kontsultari gehitu beharreko eremuetan. Erlazioak definitzeko, arrastatu eta jaregin.

Ohar-ikonoa

Kontsulta diseinatzean ezingo dituzu hautatutako taulak aldatu.


Kendu taulak

Taula diseinu-ikuspegitik kentzeko, egin klik taula-leihoaren goiko ertzean eta ireki laster-menua. Ezabatu komandoa erabil dezakezu taula diseinu-ikuspegitik kentzeko. Beste aukera bat Ezabatu tekla sakatzea da.

Lekuz aldatu taula eta aldatu bere tamaina

Zure hobespenen arabera, tamainaz aldatu eta antolatu egin ditzakezu taulak. Taulak lekuz aldatzeko, arrastatu goiko ertza nahi duzun kokalekura. Handitu edo txikitu taularen tamaina saguaren kurtsorea ertzean edo izkinan kokatuz, eta ondoren, arrastatu taula nahi duzun tamaina eman arte.

Taulen arteko erlazioak

Taula bateko eremu-izenaren eta beste taula bateko eremu-izenaren artean erlazioa baldin badago, erlazio hori kontsultarako erabil dezakezu.

Adibidez, artikuluentzako kalkulu-orri bat baduzu eta artikulu bakoitza artikulu-zenbaki baten bidez identifikatuta badago, eta bezeroentzako beste kalkulu-orri bat baduzu eta bertan bezeroak eskatutako artikulu guztiak artikulu-zenbakiaren bidez erregistratzen badituzu, erlazioa egongo da bi tauletako "artikulu-zenbakia" datu-eremuen artean. Orain bezero batek eskatutako artikulu guztiak itzuliko dituen kontsulta sortu nahi baduzu, informazioa bi kalkulu-orrietatik berreskuratu behar duzu. Horretarako, bi kalkulu-orrietako datuen artean zein erlazio dagoen esan behar diozu LibreOffice aplikazioari.

Horretarako, egin klik taulako eremu-izen batean (adibidez, bezeroen taulako "Elementu-zenbakia" eremu-izenean), sakatuta eduki saguaren botoia eta arrastatu eremu-izena beste taulako eremu-izenera (elementuen taulako "Elementu-zenbakia"). Saguaren botoia askatutakoan, bi eremuak lotzen dituen marra ikusiko duzu bi leihoetan. Lortzen den SQL kontsultan ondorengo baldintza sartzen da: bi eremu-izenek eduki bera eduki behar dute.

Erlazionatutako hainbat orritan oinarritutako kontsulta sortzeko, LibreOffice erabili behar duzu interfaze gisa datu-base erlazionala sortzeko.

Ohar-ikonoa

Kontsulta batean, taulak ezin dituzu datu-base bat baino gehiagotatik atzitu. Hainbat taula dituen kontsulta datu-base baten barnean bakarrik sor daiteke.


Esteka mota zehaztea

Estekatutako bi eremu lotzen dituen marran klik bikoitza egiten baduzu edo Txertatu - Erlazio berria menu-komandoari deitzen badiozu, esteka mota zehaztu dezakezu Erlazioak elkarrizketa-koadroan.

Beste aukera bat hau da: sakatu tabulazio-tekla lotura-bektorea hautatu arte (handituta bistaratzen da), ondoren, sakatu Shift+F10 laster-menua bistaratzeko, eta gero, aukeratu Editatu komandoa.

Erlazioak ezabatzea

Bi taularen arteko erlazioa ezabatzeko, egin klik lotura-marran eta sakatu Ezabatu tekla.

Beste aukera bat hau da: ezabatu dagozkion sarrerak Erlazioak elkarrizketa-koadroko Hartzen diren eremuak aukeratik. Edo sakatu tabulazio-tekla lotura-bektorea nabarmenduta bistaratu arte, sakatu Shift+F10 laster-menua irekitzeko eta hautatu Ezabatu komandoa.

Kontsulta zehaztea

Hautatu kontsulta definitzeko baldintzak. Diseinu-taulako zutabe guztiek kontsultarako datu-eremua onartzen dute. Errenkada bateko baldintzak ETA boolearraren bidez estekatuko dira.

Zehaztu eremu-izena

Aurrena, hautatu kontsultari gehitu nahi dizkiozun tauletako eremu-izen guztiak. Hori arrastatu eta jareginen bidez egin dezakezu. Bestela, egin klik bi aldiz taularen leihoko eremu-izen batean. Arrastatu eta jaregin metodoaren bidez, sagua erabili eremu-izena taula-leihotik kontsulta-diseinuaren beheko areara arrastatzeko. Hori egitean, eremua zein zutaberi gehitu nahi diozun erabaki dezakezu. Eremu-izena hautatzeko, egin klik bikoitza. Orduan, hurrengo zutabe libreari gehituko zaio.

Eremu-izenak ezabatzea

Kontsultatik eremu-izen bat kentzeko, egin klik eremuko zutabearen goiburukoan eta aukeratu laster-menuko Ezabatu komandoa.

Gorde kontsulta

Erabili barra estandarreko Gorde ikonoa kontsulta gordetzeko. Elkarrizketa-koadro bat agertuko da eta hor kontsultaren izena idazteko eskatuko zaizu. Datu-baseak eskemak onartzen baditu, eskema bat ere sar dezakezu.

Eskema

Idatzi kontsultari edo taula-ikuspegiari esleitutako eskemaren izena.

Kontsultaren edo taula-ikuspegiaren izena

Idatzi kontsultaren edo taula-ikuspegiaren izena.

Datuak iragaztea

Kontsultarako datuak iragazteko, ezarri nahi dituzun hobespenak diseinu-ikuspegiaren beheko arean. Ondorengo errenkadak dituzu erabilgarri:

Eremua

Idatzi hemen datu-eremuaren izena. Eremu horri kontsultan erreferentzia egingo diozu. Beheko errenkadetan egindako ezarpen guztiek eremu horri egiten diote erreferentzia. Klik eginez gelaxka bat aktibatzen baduzu, gezi-botoia ikusiko duzu, eta horrek eremua hautatzeko aukera ematen dizu. "Taularen izena.*" aukerak datu-eremu guztiak hautatzen ditu eta irizpide horrek taulako eremu guztientzat balio du.

Aliasa

Aliasa zehazten du. Aliasa eremu-izenaren ordez erakutsiko da kontsultan. Hala, erabiltzaileak definitutako zutabe-etiketak erabil daitezke. Adibidez, datu-eremuaren izena PtNo bada eta horren ordez kontsultan PartNum agertzea nahi baduzu, sartu PartNum alias gisa.

SQL instrukzioan aliasak honela definitzen dira:

SELECT column AS alias FROM table.

Adibidez:

SELECT "PtNo" AS "PartNum" FROM "Parts"

Taula

Hautatutako datu-eremuari dagokion datu-baseko taula hemen azaltzen da. Klik eginez gelaxka bat aktibatzen baduzu, gezia agertuko da, eta horren bidez uneko kontsultaren beste taula bat hauta dezakezu.

Ordenatu

Gelaxkan klik egiten baduzu, ordenatzeko aukera hauetako bat hauta dezakezu: gorantz, beherantz eta ez ordenatu. Testu-eremuak alfabetikoki ordenatuko dira (Atik Zra) eta zenbakizko eremuak zenbakien bidez (0tik 9ra). Datu-base gehienetan administratzaileek ezar ditzakete ordenatze-aukerak.

Ikusgai

Datu-eremu batentzat Ikusgai propietatea markatzen baduzu, eremu hori ikusgai egongo da kontsultan. Datu-eremua baldintza formulatzeko bakarrik erabiltzen baduzu, ez duzu derrigorrez erakutsi behar.

Irizpideak

Datu-eremuaren edukia zein irizpideren arabera iragazi behar den zehazten du.

or

Hemen, iragazteko irizpide gehigarri bat sar dezakezu errenkada bakoitzean. Zutabe bateko irizpideak OR erlazioaren bidez lotuko dira.

Errenkadako goiburukoen laster-menua ere erabil dezakezu kontsulta-diseinuko beheko arean beste errenkada bat txertatzeko funtzioentzat:

Funtzioak

Hemen exekuta ditzakezun funtzioak datu-basearen mende daude.

HSQL datu-basearekin lan egiten baduzu, Funtzioa errenkadako zerrenda-koadroak aukera hauek eskaintzen dizkizu:

Aukera

SQL

Efektua

Funtziorik ez

Ez da funtziorik exekutatuko.

Batezbestekoa

AVG

Eremuen batezbesteko aritmetikoa kalkulatzen du.

Kopurua

COUNT

Taulako erregistro kopurua zehazten du. Eremu hutsak konta daitezke (a) edo ez (b).

a) COUNT(*): argumentu gisa izartxoa sartzen bada, taulako erregistro guztiak kontatzen dira.

b) COUNT(column): argumentu gisa eremu-izena sartzen bada, balioa duten eremu-izenak dituzten eremuak bakarrik kontatuko dira. Zero balioak (eremu hutsak) ez dira kontatuko.

Maximoa

MAX

Eremu baten baliorik altuena zehazten du.

Minimoa

MIN

Eremu baten baliorik baxuena zehazten du.

Batura

SUM

Eremuekin erlazionatutako balioen batura kalkulatzen du.

Elkartu

GROUP BY

Kontsultako datuak hautatutako eremu-izenaren arabera elkartzen ditu. Funtzioak ere zehaztutako taldeen arabera exekutatzen dira. SQLn aukera hau GROUP BY klausulari dagokio. Irizpide bat gehitzen bada, sarrera hau SQL HAVINGen agertuko da.


Funtzioak zuzenean SQL instrukzioan ere sar daitezke. Sintaxia honako hau da:

SELECT FUNCTION(column) FROM table.

Adibidez, SQLn batura kalkulatzeko funtzioa honako hau da:

SELECT SUM("Prezioa") FROM "Artikulua".

Taldea funtzioari izan ezik, goian aipatutako beste funtzio guztiei agregazio-funtzio deitzen zaie. Funtzio horiek datuak kalkulatzen dituzte, emaitzetatik abiatuz laburpenak sortzeko. Zerrenda-koadroan agertzen ez diren funtzio gehigarriak ere erabilgarri egon daitezke. Hori erabiltzen den datu-base sistemaren araberakoa izango da, bai eta Base aplikazioko kontrolatzailearen uneko egoeraren araberakoa ere.

Zerrenda-koadroan agertzen ez diren beste funtzio batzuk erabiltzeko, Eremua aukeran adierazi behar dituzu.

Funtzioei aliasak esleitu diezazkiekezu. Kontsulta zutabearen goiburukoan bistaratzen ez bada, idatzi nahi duzun izena Alias aukeran.

SQL instrukzioan dagokion funtzioa honako hau da:

SELECT FUNCTION() AS alias FROM table

Adibidea:

SELECT COUNT(*) AS count FROM "Elementua"

Ohar-ikonoa

Funtzio hau exekutatzen baduzu, ezingo duzu zutabe gehigarririk txertatu kontsultan, betiere zutabe horiei "Elkartu" funtzioa aplikatzen ez bazaie.


Adibideak

Ondorengo adibidean, kontsulta bi taulen bidez exekutatzen da: "Elementu-zk." eremua duen "Elementua" taula eta "Hornitzaile-izena" eremua duen "Hornitzaileak" taula. Gainera, bi taulek "Hornitzaile-zk." deituriko eremua dute.

Ondorengo urratsak beharrezkoak dira hiru elementu baino gehiago banatzen dituzten hornitzaileak dituen kontsulta sortzeko.

  1. Txertatu "Elementua" eta "Hornitzaileak" taulak kontsulta-diseinuan.

  2. Estekatu bi tauletako "Hornitzaile-zk." eremuak, mota horretako erlaziorik lehendik ez badago.

  3. Egin klik bikoitza "Elementua" taulako "Elementu-zk." eremuan. Bistaratu Funtzioa errenkada laster-menuaren bidez eta hautatu Count funtzioa.

  4. Sartu >3 irizpide gisa eta desgaitu Ikusgai eremua.

  5. Egin klik bikoitza "Hornitzaileak" taulako "Hornitzaile-izena" eremuan eta aukeratu Group funtzioa.

  6. Exekutatu kontsulta.

"Elementua" taulan "prezioa" (artikulu baten prezioa) eta "Hornitzaile-zk." (artikuluaren hornitzailea) eremuak baldin badaude, hornitzaileak banatutako elementuaren batez besteko prezioa lor dezakezu ondorengo kontsultaren bidez:

  1. Txertatu "Elementua" taula kontsulta-diseinuan.

  2. Egin klik bikoitza "Prezioa" eta "Hornitzaile-zk." eremuetan.

  3. Gaitu Funtzioa errenkada eta hautatu Average funtzioa "Prezioa" eremuan.

  4. Alias-izenaren errenkadan ere sar dezakezu "Batezbestekoa" (komatxorik gabe).

  5. Aukeratu Elkartu "Hornitzaile-zk." eremuan.

  6. Exekutatu kontsulta.

Laster-menuko ondorengo komandoak eta ikurrak daude erabilgarri:

Funtzioak

Errenkadak erakutsi edo ezkutatzen ditu funtzioak hautatzeko.

Taularen izena

Taularen izenaren errenkada erakutsi edo ezkutatzen du.

Aliasa

Aliasaren errenkada erakutsi edo ezkutatzen du.

Balio unibokoak

Kontsultari balio unibokoak bakarrik aplikatzen dizkio. Hautatutako eremuetan hainbat aldiz agertzen diren datuak dituzten erregistroei aplikatzen zaie hori. Balio unibokoak komandoa aktibatuta badago, erregistro bakarra ikusiko duzu kontsultan (DISTINCT). Bestela, kontsulta-irizpideari dagozkion erregistro guztiak ikusiko dituzu (ALL).

Adibidez, "Agirre" abizena hainbat aldiz agertzen bada helbideen datu-basean, Balio unibokoak komandoa hauta dezakezu kontsultan "Agirre" abizena behin bakarrik agertuko dela zehazteko.

Hainbat eremu dituen kontsultaren kasuan, eremu guztietako balioen konbinazioak unibokoa izan behar du, horrela emaitza erregistro jakin batean oinarrituz osatu ahal izango da. Adibidez, "Donostiako Agirre" behin agertzen da helbide-liburuan, eta "Bilboko Agirre" bitan. Balio unibokoak komandoaren bidez, kontsultak "deitura" eta "herria" eremuak erabiliko ditu eta honako emaitza itzuliko du: "Donostiako Agirre" behin eta "Bilboko Agirre" behin.

SQLn, komando hori DISTINCT predikatuari dagokio.

Limitea

Kontsultak ematen duen erregistro kopurua maximizatzea ahalbidetzen du.

Muga bat gehitzen bada, zehazten duzun kopuruaren adina errenkada eskuratuko duzu. Bestela, kontsulta-irizpideari dagozkion erregistro guztiak ikusiko dituzu.

Iragazki-baldintzak formulatzea

Hainbat eragile eta komando dituzu erabilgarri iragazki-baldintzak formulatzeko. Eragile erlazionalez gain, SQL komandoak daude. Horiek datu-basearen eremuen edukia kontsultatzen dute. LibreOffice sintaxian komando horiek erabiltzen badituzu, LibreOffice aplikazioak komando horiek automatikoki SQL sintaxi bilakatuko ditu. SQL komandoa zuzenean ere sar dezakezu. Ondorengo taulek eragileen eta komandoen ikuspegi orokorra eskaintzen dizute:

Eragilea

Esanahia

Baldintza beteko da, betiere...

=

berdin

... eremuaren edukia zehaztutako adierazpenaren berdina bada.

= eragilea ez da bistaratuko kontsulta-eremuetan. Balioa eragilerik gabe sartzen baduzu, = eragilea automatikoki hartuko da.

<>

ez da berdina

... eremuko edukia ez badagokio zehaztutako adierazpenari.

>

hau baino handiagoa da

... eremuaren edukia zehaztutako adierazpena baino handiagoa bada.

<

hau baino txikiagoa da

... eremuaren edukia zehaztutako adierazpena baino txikiagoa bada.

>=

hau baino handiagoa edo berdina da

... eremuaren edukia zehaztutako adierazpena baino handiagoa edo berdina bada.

<=

hau baino txikiagoa edo berdina da

... eremuaren edukia zehaztutako adierazpena baino txikiagoa edo berdina bada.


LibreOffice komandoa

SQL komandoa

Esanahia

Baldintza beteko da, betiere...

IS EMPTY

IS NULL

hutsik dago

... Eremu-balioa hutsik dago. Hiru egoera dituzten Bai/Ez eremuetan, komando honek automatikoki kontsultatzen du zehaztu gabeko egoera (ez Bai ez Ez).

IS NOT EMPTY

IS NOT NULL

ez dago hutsik

... eremu-izena ez badago hutsik.

LIKE

(* leku-marka edozein karaktere kopururentzat

? leku-marka karaktere bakarrarentzat)

LIKE

(% leku-marka edozein karaktere kopururentzat

_ leku-marka karaktere bakarrarentzat)

honen elementua da

... datu-eremuak zehaztutako adierazpena badauka. (*) leku-markak adierazten du x adierazpena eremu-edukiaren hasieran (x*), amaieran (*x) edo barnean (*x*) agertzen den. SQL kontsultetan, SQL % karakterea edo LibreOffice interfazeko fitxategi-sistemako (*) leku-marka ezaguna sar ditzakezu leku-marka gisa.

* edo % leku-markek edozein karaktere kopuru adierazten dute. LibreOffice interfazeko galdera-ikurrak (?) edo SQL kontsultetako azpimarrak (_) karaktere bakarra adierazten dute.

NOT LIKE

NOT LIKE

ez da honen elementua

... eremu-izenak ez badu zehaztutako adierazpena.

BETWEEN x AND y

BETWEEN x AND y

[x,y] tartearen barnean dago

... eremu-izenak x eta y balioen arteko balioa badauka.

NOT BETWEEN x AND y

NOT BETWEEN x AND y

Ez dago [x,y] tartearen barnean

... eremu-izenak x eta y balioen artekoa ez den balio bat badauka.

IN (a; b; c...)

Kontuan izan puntu eta koma erabiltzen dela balio-zerrenden bereizle gisa!

IN (a, b, c...)

a, b, c... ditu

... eremu izenak zehaztutako adierazpenetako bat badauka: a, b, c,... Nahi adina adierazpen zehaztu daitezke eta kontsultaren emaitza Edo loturaren bidez zehazten da. a, b, c... adierazpenak zenbakiak edo karaktereak izan daitezke

NOT IN (a; b; c...)

NOT IN (a, b, c...)

ez dauka a, b, c...

... eremu izenak ez badu zehaztutako adierazpenik: a, b, c,...

= TRUE

= TRUE

True balioa du

... eremu-izenak True balioa badu.

= FALSE

= FALSE

False balioa du

... eremu-izenak False balioa badu.


Adibideak

=' andrea'

" andrea" edukia duten eremu-izenak erakusten ditu

<'2001-01-10'

2001eko urtarrilaren 10a baino lehen izan ziren datak itzultzen ditu

LIKE 'bain?'

"baina" eta "bainu" edukia duten eremu-izenak erakusten ditu.

LIKE 'S*'

"Sun" gisako edukia duten datu-eremuak erakusten ditu.

BETWEEN 10 AND 20

10 eta 20 bitarteko balioak dituzten eremu-izenak erakusten ditu. (Eremuak testu-eremuak edo zenbaki-eremuak izan daitezke).

IN (1; 3; 5; 7)

1, 3, 5, 7 balioak dituzten eremu-izenak erakusten ditu. Eremu-izenak zenbakia baldin badu, zehaztutako zenbakia duen elementua itzultzen duen kontsulta sor dezakezu.

NOT IN ('Agirre')

"Agirre" ez duen eremu-izena itzultzen du.


Like ihes-sekuentzia: {escape 'escape-character'}

Adibidea: select * from Item where ItemName like 'The *%' {escape '*'}

Adibideak sarrera guztiak emango dizkizu, non elementu-izena 'The *' bidez hasten den. Horrek esan nahi du bilaketa karaktere bidez ere egin daitekeela, normalean leku-marka gisa interpretatuko liratekeenak, adibidez, *, ?, _, % edo puntua.

Outer Join ihes-sekuentzia: {oj outer-join}

Adibidea: select Article.* from {oj item LEFT OUTER JOIN orders ON item.no=orders.ANR}

Testu-eremuak kontsultatzea

Testu-koadroen edukia kontsultatzeko, adierazpena komatxo bakunen artean ipini behar duzu. Maiuskula eta minuskulen arteko bereizketa datu-basearen arabera egongo da. LIKE komandoak, lehenespenez, maiuskulak eta minuskulak bereizten ditu (hala ere, datu-base batzuek ez dute hain zorrotz ikusten).

Data-eremuak kontsultatzea

Data-eremuak #Date# modura adierazten dira, datak direla argi gera dadin. Baldintzetan erabilitako data, ordua eta data/ordua konstanteak (literalak) SQL Escape Syntax motakoak edo SQL2 Syntax mota lehenetsikoak izan daitezke.

Data motako elementua

SQL Escape syntax #1 - zaharkituta egon daiteke

SQL Escape syntax #2

SQL2 syntax

Data

{D'YYYY-MM-DD'}

{d 'YYYY-MM-DD'}

'YYYY-MM-DD'

Ordua

{D'HH:MM:SS'}

{t 'HH:MI:SS[.SS]'}

'HH:MI:SS[.SS]'

DataOrdua

{D'YYYY-MM-DD HH:MM:SS'}

{ts 'YYYY-MM-DD HH:MI:SS[.SS]'}

'YYYY-MM-DD HH:MI:SS[.SS]'


Adibidea: select {d '1999-12-31'} from world.years

Adibidea: select * from niretaula where urteak='1999-12-31'

Data-adierazpen guztiek (literalak) komatxo bakunekin inguratuta egon behar dute. Begiratu erabiltzen ari zaren datu-base eta konektore mota bakoitzaren erreferentzia, xehetasun gehiagorako.

Bai/Ez eremuak kontsultatzea

Bai/Ez eremuak kontsultatzeko, erabili ondorengo sintaxia dBASE tauletan:

Egoera

Kontsulta-irizpidea

Adibidea

Yes

dBASE tauletan: emandako balioaren berdina ez dena

=1 adierazpenak erregistro guztiak itzultzen ditu, non Bai/Ez eremuak "Yes" edo "On" egoera (beltzez hautatuta) duen,

No

.

=0 adierazpenak erregistro guztiak itzultzen ditu, non Bai/Ez eremuak "No" edo "Off" egoera (hautatu gabe) duen.

Null

IS NULL

IS NULL adierazpenak erregistro guztiak itzultzen ditu, non Bai/Ez eremuak ez duen ez Yes ez No egoerarik (grisez hautatuta).


Ohar-ikonoa

Sintaxia erabiliko den datu-basearen sistemaren arabera dago. Kontuan izan Bai/Ez eremuak beste modu batean ere zehaztu daitezkeela (2 egoera soilik 3ren ordez).


Parametro-kontsultak

Parametro-kontsulten bidez, erabiltzaileak exekuzio-denboran sar ditzake balioak. Balio horiek, bistaratuko diren erregistroen hautapen-irizpideetan erabiliko dira. Balio horietako bakoitzak parametro-izen bat dauka lotuta, kontsulta exekutatzen denean erabiltzaileari galdetzeko erabiliko dena.

Parametro-izenaren aurretik bi puntu doaz, kontsultaren diseinu-ikuspegian zein SQL ikuspegian. Hori, balio bat ager daitekeen edozein tokitan erabil daiteke. Balio bera behin baino gehiagotan agertzen bada kontsultan, parametro-izen bera erabiliko da.

Kasurik sinpleenean, erabiltzaileak berdintasunerako probatzen duen balioa sartzen duenean, parametro-izena, aurreko bi puntuak barne, 'Irizpidea' errenkadan sartzen da. SQL moduan honela idatzi daiteke: WHERE "Eremua" = :Parametro-izena

Abisu-ikonoa

Parametro-izenek ezin dituzte honako karaktereak eduki: <space>`!"$%^*()+={}[]@'~#<>?/,. Ezin dira izan SQLk erreserbatutako dituen hitzak edo eremu-izenak. Aliasen berdinak izan daitezke.


Iradokizun-ikonoa

Testu-eremu baten edukiko zatietan oinarrituta erregistroak hautatzeko modu erabilgarri bat dago: gehitu ezkutuko zutabe bat "LIKE '%' || :Eremuaren_zatia || '%'" irizpide gisa erabilita. Horrek bat etortze zehatza duten erregistroak hautatuko ditu. Maiuskulak eta minuskulak kontuan izango ez dituen proba bat nahi bada, LIKE LOWER ( '%' || :Eremuaren_zatia || '%' ) erabili daiteke irizpide gisa. Kontuan izan zuriuneak garrantzitsuak direla irizpidean; sartzen ez badira, SQL analizatzaileak ulertuko du irizpide osoa kate bakarra dela. SQL moduan honela idatzi beharko litzateke: LOWER ( "Eremu-izena" ) LIKE LOWER ( '%' || :Eremuaren_zatia || '%' ).


Parametro-kontsultak azpinprimakietarako datu-iturburu gisa erabili daitezke, erabiltzaileak bistaratzen diren erregistroak mugatu ahal dezan.

Parametro-sarrera

Parametro-sarrera elkarrizketa-koadroan, erabiltzaileari parametro-balioak sartzeko eskatuko zaio. Sartu balio bat kontsulta-parametro bakoitzerako eta berretsi Ados botoia sakatuta edo Enter idatzita.

Erabiltzaileak sartutako balioek SQLk irizpide garrantzitsurako onartzen duen edozein karaktere eduki dezakete; azpiko datu-base sistemaren araberakoa izan daiteke hori.

Iradokizun-ikonoa

Erabiltzaileak SQL komodin-karaktereak erabil ditzake ("%", ausazko katea, edo "_", ausazko karaktere bakarra) balioaren zati gisa, erregistroak irizpide konplexuagoen arabera atzitzeko.


SQL modua

SQLk "Structured Query Language" (Kontsulta-lengoaia egituratua) esan nahi du, eta datu-base erlazionalak eguneratzeko eta kudeatzeko argibideak ematen ditu.

LibreOffice aplikazioan, kontsulta gehienetarako, ez da beharrezkoa SQL ezagutzea, ez baituzu SQL kodea sartu behar. Kontsulta-diseinuan kontsulta bat sortzen baduzu, LibreOffice aplikazioak zure argibideak dagozkien SQL sintaxi bihurtuko ditu automatikoki. Aktibatu/Desaktibatu diseinu-ikuspegia botoiaren bidez SQL ikuspegira joaten bazara, aurrez sortutako kontsulta baten SQL komandoak ikusi ahal izango dituzu.

Kontsulta zuzenean SQL kodean formulatu dezakezu. Oharra: hala ere, kontuan izan sintaxi berezia datu-basearen sistemaren mende egongo dela.

SQL kodea eskuz sartzen baduzu, Kontsulta-diseinuko interfaze grafikoak onartzen ez dituen SQL kontsultak sor ditzakezu. Kontsulta horiek jatorrizko SQL moduan exekutatu behar dira.

SQL ikuspegiko Exekutatu SQL komandoa zuzenean ikonoan klik eginez, LibreOffice aplikazioak prozesatzen ez duen kontsulta formulatu dezakezu.