Interneteko terminoen glosarioa
Ez baduzu sekula Internet erabili, termino arrotz ugari topatuko dituzu: nabigatzailea, laster-marka, posta elektronikoa, orri nagusia, bilatzailea eta beste hainbat. Glosario honetan, Interneteko, intraneteko, postako eta berrietako terminologia garrantzitsuena azalduko zaizu, lehen urratsak errazago egin ditzazun.
Bezeroaren aldeko irudi-mapa
Bezeroaren aldeko irudi-mapa modernoek ez dute zerbitzariaren aldekoek adinako zailtasunik. Irakurleak marrazkiko edo markoko zein areatan klik egin dezakeen adierazteko, URL estekatua agertzen da sagua arearen gainetik igarotzen denean. Marrazkiaren azpiko geruza batean gordeko da irudi-mapa, eta aipatutako eskualdeei buruzko informazioa izango du. Bezeroaren aldeko irudi-mapek duten alde txar bakarra da, web nabigatzaile zaharragoek ezin dituztela irakurri, baina desabantaila hori berez konponduko da denborarekin.
Irudi-mapa gordetzean, hautatu fitxategi mota hau: SIP - StarView ImageMap. Irudi-mapa dokumentuan aktibatuta dauden irudi edo marko guztietan aplika daitekeen formatu batekin gordetzen da zuzenean. Dena dela, irudi-mapa uneko marrazkian edo testu-markoan bakarrik erabili nahi baduzu, ez duzu formatu berezian gorde beharrik. Eskualdeak zehaztu ondoren, Aplikatu sakatzearekin nahikoa da. Ez da besterik egin behar. HTML formatuan gordetako bezeroaren aldeko irudi-mapak zuzenean txertatzen dira orriaren HTML kodean.
Bilaketa-motorrak
Interneten bilaketak egiteko zerbitzu bat dira bilaketa-motorrak. Software-programa batean oinarrituta egoten dira eta informazio-bolumen izugarria esplora dezakete gako-hitzen bidez.
CMIS
Content Management Interoperability Services (CMIS) estandarrak domeinu-eredu bat eta Web Services eta Restful AtomPub loturak definitzen ditu, elkarrerabilgarritasun handiagoa gaitzeko Enterprise Content Management (ECM) sistemetan. CMIS zerbitzuak web-zerbitzuak eta web 2.0 interfazeak erabiltzen ditu informazio aberatsa internet-protokoloen bitartez partekatzeko hornitzaileekiko neutralak diren formatuetan, dokumentu-sistemen, argitaratzaileen eta biltegien artean, enpresa barruan zein enpresen artean.
EPUB
EPUB liburu elektronikoetarako fitxategien estandar bat da, .epub luzapena darabilena. Fitxategi horiek telefono adimentsuetan, tabletetan, ordenagailuetan edo irakurgailu elektronikoetan deskargatu eta irakurri daitezke.
EPUB estandar tekniko bat da, W3C taldearen argitaratze-taldeak argitaratzen duena. EPUB oso formatu erabilia da, irekia eta HTMLn oinarritua baita.
EPUB argitalpen bat fitxategi bakar modura banatzen da eta barruan webgune bat duen zifratu gabeko fitxategi konprimitua da. HTML fitxategiak, irudiak, CSS estilo-orriak, metadatuak, multimedia-elementuak eta elkarrekintzetarako elementuak ditu.
Etiketak
HTML orriek egiturari eta formatuari buruzko argibideak dituzte, eta horiexek dira, hain zuzen, etiketak. Etiketak, HTML dokumentu-deskripzioko lengoaian, kortxete artean sartutako kode-hitzak dira. Etiketa askok testuak edo hiperesteka-erreferentziak dituzte irekitzeko eta ixteko kortxeteen artean. Esate baterako, tituluen hasiera <h1> etiketarekin markatzen da, eta bukaera </h1> etiketarekin. Zenbait etiketa bakarka agertzen dira, hala nola <br> lerro-jauziarentzat, edo <img ...> grafiko bat estekatzeko.
FTP
FTP siglak Fitxategi-Transferentziako Protokoloa esan nahi du, eta Interneten fitxategiak transferitzeko protokolo estandarra da. FTP zerbitzaria Internetera konektatutako ordenagailuko programa bat da, eta fitxategiak gordetzen ditu FTPren laguntzarekin transmititzeko. FTP Interneteko fitxategiak transmititzeaz eta deskargatzeaz arduratzen da, eta HTTP protokoloak (HiperTestua Transferitzeko Protokoloak), berriz, WWW zerbitzarien eta bezeroen artean konexioa ezarri eta datuak transferitzen ditu.
HTML
HTML (HiperTestua Markatzeko Lengoaia) dokumentuak kodetzeko lengoaia da, eta WWW dokumentuetako fitxategi-formatu gisa erabiltzen da. SGML formatutik eratorri da, eta testuak, grafikoak, bideoak eta soinuak barne hartzen ditu.
HTML komandoak zuzenean sartu nahi badituzu (adibidez, HTMLri buruzko edozein liburutako ariketak egiten ari zarenean), gogoan izan HTML orriak testu soileko fitxategiak direla. Gorde dokumentua Testua dokumentu motarekin, eta jar iezaiozu fitxategiari .HTM luzapena. Egiaztatu ez dagoela azenturik edo karaktere-joko hedatuko bestelako karaktere berezirik. Fitxategi hori berriz ireki nahi baldin baduzu LibreOffice(e)n eta HTML kodea editatu, Testua fitxategi gisa kargatu beharko duzu, eta ez Web orria gisa.
HTML lengoaiari buruzko azalpenak ematen dituzten erreferentzia ugari daude Interneten.
HTTP
HiperTestua Transferitzeko Protokoloaren bidez, www dokumentuak transmititzen dira, zerbitzarien (ostalarien) eta nabigatzaileen (bezeroen) artean.
Hiperesteka
Hiperestekak erreferentzia gurutzatuak dira, testuan kolore desberdinekin nabarmenduak eta saguarekin klik eginez aktibatzen direnak. Hiperesteken laguntzaz, irakurleak zuzenean salto egin dezake dokumentu bereko informazio jakin batera edo beste dokumentu batekora.
LibreOffice(e)n testuari, bai eta grafikoei eta testu-markoei ere, hiperestekak eslei dakizkioke (ikus 'Hiperesteka' elkarrizketa-koadroaren ikonoa tresna-barra estandarrean.
Irudi-mapa
Irudi-mapa erreferentziak ezartzeko baliatzen den grafikoa edo testu-markoa da. Grafikoaren edo testu-markoaren area definituetan klik egiten baduzu, arearekin estekatutako helburuko (URL) batera joango zara. Erreferentzia-areak, horiei estekatutako URLak eta saguaren erakuslea area horietan jartzen denean bistaratuko diren testuak Irudi-mapen editorea koadroan definitzen dira.
Bi motatako irudi-mapak daude. Bezeroaren aldeko irudi-mapa bezeroaren ordenagailuan ebaluatzen da (grafikoa Internetetik kargatu duenean) eta zerbitzariaren aldeko irudi-mapa, berriz, Interneten HTML orria eskaintzen duen ordenagailu zerbitzarian ebaluatzen da. Zerbitzaria ebaluatzean, irudi-mapa batean sakatzen denean, kurtsoreak irudian duen koordenatuak bidaltzen zaizkio zerbitzariari, eta zerbitzariko programa batek erantzuten du. Bezero-ebaluazioan, irudi-maparen gune bero jakin batean klik egiten denean, URLa aktibatzen da, testu-esteka arrunta izango balitz bezala. Irudi-mapatik igarotzean, sagu-erakuslearen azpian URLa agertuko da.
Irudi-mapak hainbat modutan erabil daitezke eta hainbat formatutan gorde daitezke.
Irudi-mapen formatuak
Irudi-mapak, funtsean, bi motatakoak dira: batetik, zerbitzarian (adibidez Interneteko zure hornitzailean) analizatutakoak daude, eta, bestetik, irakurlearen ordenagailuko web nabigatzailean analizatutakoak.
Java
Java programazio-lengoaia plataformarekiko independentea den lengoaia bat da, Interneterako bereziki egokia dena. Java klase-fitxategien bidez programatutako web orriak eta aplikazioak sistema eragile moderno guztietan erabil daitezke. Java erabiltzen duten programak Java garapen-ingurune batean programatzen dira, gero "byte code" deritzona sortzeko.
Markoak
Markoak erabilgarriak dira HTML orrien itxura diseinatzeko. LibreOffice(e)k marko mugikorrak erabiltzen ditu objektuak jartzeko. Grafikoak, filmak eta soinua jar ditzakezu marko horietan, esate baterako. Gainera, markoaren edukiak leheneratzeko eta editatzeko aukerak aurkituko dituzu markoaren laster-menuan. Komando horietako batzuk Editatu - Objektua aukeran ere agertzen dira markoa hautatuta dagoenean.
Proxy-a
Datuak transferitzeko arbel baten gisa funtzionatzen duen sareko ordenagailu bat da proxy-a. Enpresaren saretik Interneten sartzen zarenean, lehenago zure lankide batek irakurri duen web orri batera joaten bazara, proxy-aren bidez askoz azkarrago bistaratu ahal izango duzu orria, oraindik memorian gordeta baldin badago. Kasu horretan, egin beharreko gauza bakarra proxy-an gordetako orria azken bertsioa den egiaztatzea da. Hala baldin bada, ez da orria deskargatu behar izango askoz motelagoa den Internetetik, zuzenean proxy-tik karga baitaiteke.
SGML
"Standard Generalized Markup Language" (ingelesez, "marken lengoaia orokor estandarra") esan nahi du SGML siglak. SGML formatuaren oinarrizko ideia da dokumentuetan egitura-elementuak eta beste elementu semantiko batzuk daudela eta elementu horiek bistaratzeko erreferentziarik gabe deskriba daitezkeela. Horrelako dokumentu baten uneko bistaratzea aldakorra da, irteerako euskarriaren eta estilo-hobespenen arabera. Testu egituratuetan, SGMLk, egiturak zehazteaz gain (DTD = Document Type Definition bidez), behar bezala erabiltzen direla ziurtatzen du.
HTML SGMLren aplikazio espezializatu bat da. Horrek esan nahi du, web arakatzaile gehienek SGMLren estandarren multzo mugatu bat besterik ez dutela onartzen, eta SGML onartzen duten sistema gehienak HTML orri erakargarriak sortzeko gai direla.
URL
URLak (Uniform Resource Locator) Interneteko dokumentu baten edo zerbitzari baten helbidea ematen du. URLaren egitura orokorra aldatu egiten da motaren arabera. Normalean forma hau izan ohi du: 'Zerbitzua://Ostalaria:Ataka/Bide-izena/Orria#Marka', nahiz eta ez diren beti elementu guztiak eskatzen. URLa FTP helbidea izan daiteke, WWW (HTTP) helbidea, fitxategi-helbidea edo posta elektronikoko helbidea.
WebDAV
Web-based Distributed Authoring and Versioning. HTTP protokoloaren hedapenen IETF estandar multzo bat da, plataformekiko independenteak direnak eta erabiltzaileei lankidetzan urruneko web zerbitzarietako fitxategiak editatu eta kudeatzea ahalbidetzen duena. WebDAVek XML propietateak eskaintzen ditu honako esparruetan: metadatuak, blokeoa (egileek besten aldaketak gainidatz ditzaten eragozteko), izen-espazioen manipulazioa eta urruneko fitxategien kudeaketa. Zenbaitetan DAV deitzen zaio zuzenean.
Zerbitzariaren aldeko irudi-mapak
Zerbitzariaren aldeko irudi-mapak orri-barneko marrazki edo marko moduan agertzen zaizkio irakurleari. Egin klik saguarekin irudi-mapan, eta kokagune erlatiboaren koordenatuak bidaliko zaizkio zerbitzariari. Programa osagarri baten laguntzaz, hurrengo urratsa zein izango den erabakitzen du zerbitzariak. Hainbat metodo bateraezin daude prozesu hori definitzeko. Hauek dira, nolanahi ere, erabilienak:
-
W3C (CERN) HTTP zerbitzaria (Formatu mota: MAP - CERN)
-
NCSA HTTP Zerbitzaria (Formatu mota: MAP - NCSA)
LibreOffice(e)k bi metodoetarako irudi-mapak sortzen ditu. Hautatu formatua Irudi-mapen editorea koadroan, Gorde honela elkarrizketa-koadroko Fitxategi motazerrendan. Mapa-fitxategi bereiziak sortuko dira, eta zerbitzarian kargatu beharko dituzu. Hornitzaileari edo sareko administratzaileari galdetu beharko diozu zein motatako irudi-mapak onartzen dituen zerbitzariak eta nola sartu analisi-programan.