LibreOffice Drawen eginbideak

LibreOffice Draw aplikazioak marrazki sinpleak eta konplexuak sortu eta haiek irudi-formatu arruntetara esportatzeko aukera ematen dizu. LibreOffice programetan sortutako taulak, diagramak, formulak eta beste elementu batzuk ere marrazkietan txerta ditzakezu.

Bektore-grafikoak

LibreOffice Drawek bektore-grafikoak sortzen ditu bektore matematikoek zehaztutako marrak eta kurbak erabiliz. Bektoreek marrak, elipseak eta poligonoak deskribatzen dituzten, haien geometriaren arabera.

3D objektuak sortzea

LibreOffice Drawen 3D objektu sinpleak sor ditzakezu, adibidez, kuboak, esferak eta zilindroak, eta objektuen argi-iturria ere alda dezakezu.

Saretak eta doitze-lerroak

Saretek eta doitze-lerroek marrazkietako objektuak lerrokatzen laguntzeko gida erakusten dizute. Objektu bat sareta-marrara, doitze-lerrora edo beste objektu baten ertzera moldatzea ere aukera dezakezu.

Objektuak konektatzea erlazioak erakusteko

LibreOffice Drawen, objektuak "lotura-marrak" izeneko marra berezien bidez konekta ditzakezu objektuen arteko erlazioa erakusteko. Lotura-marrak kolatze-puntuetan eransten dira marrazki-objektuetan, eta erantsita gelditzen dira konektatutako objektuak lekuz aldatzean. Lotura-marrak erabilgarriak dira organigramak eta diagrama teknikoak sortzeko.

Neurriak bistaratzea

Diagrama teknikoek sarritan objektuen neurriak erakusten dituzte marrazkietan. LibreOffice Drawen, kota-lerroak erabil ditzakezu neurri linealak kalkulatzeko eta bistaratzeko.

Galeria

Galeriak irudiak, animazioak, soinuak eta beste elementu batzuk dauzka, eta horiek marrazkietan eta beste LibreOffice programa batzuetan txertatu eta erabil ditzakezu.

Grafiko-fitxategiaren formatuak

LibreOffice Drawek grafiko-fitxategien hainbat formatu arruntetara esporta dezake, adibidez, BMP, GIF, JPG eta PNG.